Transmisiorako egitasmo asko jarri ditugu martxan dagoeneko (ikusi gure vimeoko kanala), dokumental etnografikoak, unitate didaktikoak, webguneak, liburuak, jaialdiak… baina, orain arte ez diogu gure jaioterriko kaleek kontatu dezaketen ondare ez-materialari erreparatu.
Hona hemen nor arduratzen diren turismo bisitak sortu eta gidatzeaz.
Enrike Diez de Ulzurrun
Iruñeko Alde Zaharrean jaioa (1962). Kazetari lanetan hasi zen 1982an Telenavarran, bai eta RNEn ere. Aldi berean, Navarra Hoy egunkariko Nafarroa Gaur euskal gehigarrian aritu zen. 1988tik, Iruñeko Euskalerria Irratian jardun zuen lanean, eta hainbat arlo landu ditu bereziki: euskara, euskal kultura, herri ohiturak, Sanferminak, Iruñea, Iruñerria… Nafarroako Euskaldunen Mintzamoldeak lanaren egilekidea izan zen, eta artikulu sail luzea idatzia du Nafarkariarako nahiz Irratirako Iruñeko eta Nafarroako txoko, gertakari, pasadizo, jende xelebre eta istorioei buruz. 2001etik aitzina, itzulpengintzan dihardu, baina Euskalerria Irratian kolaborazio-lanak egiten jarraitzen du.
Gaizka Aranguren
Informazio Zientzietan Lizentziatua eta Europar Ikasketetan Diplomatua da. Zientzia Politikoen esparruan egin zituen Doktorego ikasketak. Kazetari gisa bere ibilbide profesionala EITB taldean, Nafarroa Garaiko CANAL 4 telebistan eta Euskaldunon Egunkarian egin du bereziki, aurkezle, informatibo zuzendari eta ekonomia eta nazioarteko erredaktore buru gisa. 1998. urtetik enpresa kudeaketan dihardu (ALBAITARITZA S.A., NABARRALDE S.L., EUSKOKULTUR FUNDAZIOA). 2009. urtean LABRIT MULTIMEDIA enpresa sortu zuen. Haren kudeaketan dihardu gaurdaino. Komunikabide desberdinetan kolaboratzen segitzen du (ETB, Berria, Euskalerria Irratia…).